Sare sozialen erabilera nerabezaroan:
Azken urteotan, albistegiek behin eta berriz errepikatu dizkigute horien arriskuak. Aieneka ibiltzeak, ordea, ez digu arazo horri aurre egiten inola lagunduko.
Egun, gazteen aisialdia dugu hizpide nagusienetarikoa: adituen arabera, teknologia berrien gehiegizko erabilera zeharo oztopatzen ari zaie arreta mantentzeko gaitasuna. Halaber, hainbat irakaslek baieztatu du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren zailtasun nagusia pantailetatik haragoko bizimodua bultzatzea dela. Ondorioz, herritar askok aurreikusten du kulturaren gainbehera, eta krisia saihestezina delako ustea zabaldu da. Haatik, kontuan izan behar dugu aipatutako ikuspuntu katastrofista zeharo mugatuta dagoela: ustezko gainbeherari aurre egingo badiogu, behar-beharrezkoa da horren zergatian sakontzea.
Draco Somnium argitaletxekook uste dugu teknologia berrien erabilera murrizteko gakoetako bat kalitatezko literatura berritzailea dela; horretarako, ezinbestekoa da nerabeentzako liburuak haien kezka eta interesetan oinarrituta egotea.
Zergatik pizten dute sare sozialek horrenbesteko interesa?
Egia da gazte zein helduon arreta bereganatzeko espresuki diseinaturik daudela – kolore biziak, etengabeko estimuluak, dinamismoa…-, bai, baina gizakion oinarrizko behar bat ere asetzen dute: jakinmina. Instagramen gisakoek inguruko lagun eta gertaeren berri ematen digute, gogoko leku zein ekintzak ezagutarazten dizkigute, eta gure fantasien erregai bihurtzen dira. Hortaz, pantailen alternatibak gazteentzat gertukoa, gaurkotua, gogokoa eta aberasgarria behar du izan.
Hori guztia kontuan izanik, zinez uste dugu literaturak premia hori ase dezakeela. “Hori ezinezkoa da… Hamaika liburu oparitu dizkiegu, eta, hala ere, nahiago dute sakelakoari begira egon”, pentsa dezakezu. Bai, arrazoia duzu, baina litekeena da gustuko liburuak ez izatea. Ez da harritzekoa, egungo gazte literatura eskaintza oso eskasa baita: ez du euskal lurraldearekin zer ikusirik, ez die nerabeen kezka eta interesei erreparatzen, kanpotik distiratsuak badirudite ere, barruan ez du kolorerik, ezta irudirik ere… Liburu-dendetako nobedade gehienak itzulitako bestsellerrak dira, eta, kontuz: atzerrian arrakasta izandakoak, hemen, ez du zertan punta-puntakoa izan.
Zer egin dezakegu nerabeek liburuak pantailekin ez ordezkatzeko? Lan mardula da oso, helduok ere pantailen menpe baikaude. Beraz, lehenik, ezinbestekoa dugu inguruko erreferente eta ohiturei erreparatzea. Literatura aspergarritzat edo frikitzat ez jotzeko, oso garrantzitsua da “Irakurtzea itzela da” eta “Intelektuala izatea da gakoa” bezalako ideiak indartzea. Hori eginez lagunduko diegu ulertzen “guay” eta errebeldea izateak ez duela zerikusirik Instagramera argazkiak igotzearekin zigarroa ahoan, eta “Libre naiz. Bost axola nitaz zer pentsatzen duzun” gisako begirada desafiatzailearekin. Horrelako usteak albait lasterren irauli behar ditugu erreferente kultural berriekin: gustuko irakurgaiak partekatzen dituzten youtuberrak, irakurtzeko grina sustatzen duten sare sozialak, etab.
Ah! Ia ahaztu zait: ikusizko kulturaren gaur egungo garrantzia kontuan hartuta, gure lan guztiek jatorrizko irudiak dituzte. Bai, xehetasun ia subkontziente horiek axola zaizkigu, diseinuaren frikiak gara eta.
Munduko liburu-denda guztiak suntsituko dituen kataklismorik gertatu ezean, lanean jarraituko dugu. Eta iristen bada, ere bai: edizio ona dugu pasio, baita lanbide ere.
😉